Hebentik Harat


HEBENTIK HARAT 2015

LEKEITION Maiatzaren 15 & 16an

Hebentik…. Harat. Lürralde batek balio omen dü hortik elkitzen den mogimentüari esker... Hala zeion filosofoak. Egia Euskal Herri barnetik ere balio düala : lürraldeak aipatzen dira, zazpiak ere, Xiberoa, Bizkaia, aho beteka. Aipatzen, bai, bena bizitzen ? Ürratsaren egitea beste da. Kasü hontan Hebentik-ek aüzoaren atean joiten dü, haren etxen sartzeko, harekin solastatzeko, harekin ezagützearen egiteko, sinpleki, gurea eskeintüz, harekin jolastüz, gertakari bat sortüz edo hanko batetan sartüz.
Lehen ürratsa… Lekeition, Bizkaiko « check pointa », Gipuzkoarekin, bai eta lür eta itsaso artean, Lea erreka bürüan. Portua ühain basetarik begiratzeko Garraitz uhartea, herriari axolbe ezinago ejerra emanez, eta maiatzeko aste bürü hontan guri ere !
« Iparraldeko haizeak » Lekeition, 15. edizioa, izenak dion bezala « Iparralde » ez hain hurrun bena zoin arrotz horren ezagutzeko ekitaldia, müsikaz, bertsoz, eta ardoz ere ! Neskenegün goizanko merkatüan ekoizle andana bat plazan, hebenko (iparraldeko) hontarzünak zabaltzen. Plaza hütsa tanpez betatzen da, haur, aita, ama, haurride, lagünez… Ahantze gabe Amama eta Attitta. « Attitta ttiki » : hau elkartea, hau denaren antolazalea, eta gurekin zubi egilea ere bedatse hontan…
Hiru egünez mintzaldi, bertsoaldi, merkataldi… eta gure aldi. Gonzalo Etxebarria. Gure Gonzalo. Bai gurea, eta haiena ere. Zeren harek Bizkaia eta Xiberoaren arteko zubia egiten dü, hogeita hamar urte hontan. Ez segür zubi zabal eta gaü osoan argitürik den haietakoa. Bena bai zübi sento bezain espantü gabea. Urtez zentzü bakarreko zubia egona, eta urtea hontan bi zentzütan, Gure artista, beste andana baten gisa, ützüli beitzen, egün argiz, ihes egin züen leküalat, erran nahi beita etxondoalat. Zubi margodüna ere, nola ez ! Gonzalo margoen eskü ixilaz, Lekeitioko bi argazki ederren gainean, eta Pantxix Bidart hots eta ahotsez, gitarraz ; bien artean ixtoria kontatzen, eta zer ixtoria, historia kasik, gure herriko historia hau ere ! Uztaroa beti horra da goiz ala berant, aldi hontan Lekeitioko kultur etxean - kanpoan ebi eta ezin - bena barnen baietz, pintzelik ez, esku hütsez margotüz. Gizon bat agertzen da, xütik, besoak zabalik Lekeitioko portü argitsüan. Eta argazkia, bere argi fosilizatütik igitzen, kantüz hasten da, kantü-oihü ixil eta ozena prefosta, Gonzaloren mintzoa !
Horren ondotik kantü, euskal kantü, Pantxix Bidart Lapurtarra, eta Mixel Xiberoko haize epailea, iparraldeko haizea hor ere, ez enbata, ez haize beltza, bai hegoa, hegoa xuri hura, euskal kantorea bortütik Hazparne eta Gotainera ekarten deiküna, gogo bazka goxoa…
Eta biharamenean merkatüa. Merkatüan zer nahi bazka : sabel bazka segür, bai eta gure haizeak ekarririk begi eta zanko bazka : Xabier Celestino Nafartar lagünarekin « Karrikarte », artea karrikan hots ! ebilaldi bat herrian, han hor krokis-marrazki egiten, arkatzez, akuarelaz. Haur andana bat, haien burrasoak, Lekeitiar lagunak ere jokü hortan sartzen. Ez da aisa esplikatzen den gaüza, bena bai soa zorrozten düana, « argazki » egitea nahi bada, bena tresnarik gabe, zure begi eta esküaren irazkia besterik ez !
Ber denboran dantza jauziak, plazan. Zer da sinpleagorik…. Üdüri ! Hogei bat lagünen biltzea jauzien emaiteko, ikasteko bardin, ez da « sinple lauetan »! Bena emeki, herabe, jentea biltzen da halere, üngürüan sartzeko, dantza piko.
Bi pintxo, bi trago, eta iparraldeko haizea iparrealat ützüli da. Bena. Bena, itsas behera delarik Garraitzeko uhartealat idorretik joan daitekean bezala, gük ere hura baliatü dügü zübixkot baten egiteko. Mauleko Matalaz karrikatik, Lekeitioko Azkue plazalat. Dolü gabe. Hebentik harat.

(Ipar) aize epailea, Mixel Etxekopar




HEBENTIK HARAT 2015

MARKINA eta AZKOITIAN
Uztailaren 10 eta 11an

Hebentik-tour ! Lekeition izanik, oraikoan berriz Bizkaiaren bihotzean jarraikitzen dugu 2015eko utzulia. Han lagunak, zubia jadanik eraikia beigunuan XIRUrekin. Abarka taldea. Zer goxo den norbait ezagun duzularik, eta norbait horrek haste hastetik axola dualarik. Artea arte, eta Eneko Markinako « artistaktibistak » Hebentik-harat gure bitxikeria ontsa konprenitu du. Eta gure heltzea ere ontsa prestatu, hanko herriarekin, eta lagun arteko giroan. Baietz prestatu dugula, maiatzean jadanik bisita bat egin han berean ikusteko gauza bakotxa non ohatu, Suak-en sualdia, Fanfarea eta klunen ibilaldia...
Planak idoki, ederki, eta usu bezala plan kanbio ere uste gabean : Ponpon-Ixaren alaba eri, eta sua.... hurealat ! B plana, 9 minutaz edirenik, hanko eta hebenkoer esker ! Pilotaritza ikusgarria Azkoitian emaitekoa. Lagunak libre, gogotsu, orduan goatzan ! Han ere B plana, non, nola, ikusi behar, ikusirk, goazen ! Nahia hor denean, kasu hontan beharra ere hor zen, beti elkibidea atzamaiten da. Hau ere dugu herritar dinamika.
Errepikak Xiberoan eginik goizetik abiaturik, material guziak kargaturik, Hebentik Circus on the road again ! Ekurada bat Azkoitian biharamenekoaren finkatzeko, eta Azkoitia-Markinako bortu bidea hartzen dugu, (sobera) galdu gabe. Han denborarik ez, bena batzarria bat. Lekuak ikusi, dena montatu, kanbiatu, eta 20.30tan...top ! Karrika jentez beterik, poteoaren tenorea,  Sonnerie-aux-morts udaletxeko plazan (!), lehen kluna agertzen, gure zuzentu nahiz (mission inposible!). Haur elibat unguruan, etxekoak huilan, CNAS eta klunen lehen kolaborazioa pil pil ! Bai Laurent, bai Fanchon karrika zolan gure haiduru, ederki jauzi dira joku hortan, hau ez da teoria, bena bai grazia ! Ez da ariketa aisa, bena merexi du egiteak duda gabe ! Azken plazala heltzean, Vivi CNAS kideak uzten gutu ixil ixila, eta dantzari klun bat agertzen, edo klun dantzaria, ez jakin... Grazia berriz sortzen da, plantatu dugun xokoan Vivi musikariakk prestatu musikan ari beita Vivi kluna. Boztarioa sendi da publikoan (ez due hanitx behar imor hon izateko egia erran !).
Ulun ñabarrean aldiz, beste desafioa : B plana den PILOTARHITZA ikusgarria, plaza betean, bi ostaturen artean ! Behar zukean intimitatea segur ez deiogu eman, igaraileak eskuin exker, argi indarra jauzten... bena halere jente bildu da, eta gure Eneko bertsotan ere, denetan trebe beita animalea !
Emanaldi ondotik pilotazale zonbait huilantzen zaiku, Michel Ithurriaren jestuak amiaturik. Zeren Markina pilotaren tenplua dugu, eta gu han ! Hantik bi urratsetan pilotaren unibertsitatea dago, pentsa zesta puntaren garrantzia heben !
Gaua bost izarreko hotel herrikoian igaranik, erran nahi beita lurrean matalazekin, biharameneko kafea terrazan hau bai goxotarzuna. Eta han gaudenean, gazte bat xisteradun huilantzen da, beste bat, orano beste zonbait.... Zer dabila ote ? Frontoian mogimentua hasten. Eta guk dantzan aipatu pilota goiz hontan egiazki dantzan ari da. Lau potiko ari, lauak zoin hobe. Eta lau haietan baten aita... Michel Ithurriaren lagun ohia ! Bera funtsean etxen bezala dugu Markinan, pilota munduan izena eta izana beitu !
Hebentik-tourak aitzina behar beitu, Ikus arte Markina, Agur Azkoitia !
Han beste aidea, antzokia bai, bena kanpokoa, Zazpi frontoiak izeneko plazan, eta preseski Zuberoako plazan !
Leku ederra ezinago, artistikoki eginik pilotaren eta Oteizaren omenetan.
Zer leku hautua gurearen eskentzeko ! Ebia bai, ebia ez jinen... Euskal Herrian beti ber dudak... Azkenean parioa egiten dugu ateria datekeala, eta dena montatzen, errepika egiten, aidean, eta lurrean berean.
Azkoitian ez da ber dinamika, huilanik ere. Diferentzia non den ? Sinple da : markinan herritarrek hartu beigutue, eta Azkoitian... Herriko etxeak. Kultur teknikariak, gisakoa ezin uka, ez duke sekulan herritar builtaren indarra ; audela « kultur sasuaz » kanpo gira, orduan nor huilnatuko den...ez jakin. Eta egia gutiñi jin zaiku ikustera . Bena gurea eman dugu, eta ederki ere, Basterretxea-Larrukerten Pelotari filma eta guzi ! Publiko guti, bena norbait guretako Pariserik jinik, espresuki ! Eta behar bada gure XIRU 2005eko ekoizpena Pariserat eginen du bide buxi bat 2016an !
Artean gurea, Hebentik.....harat, herritik.....herrirat !
Goazen !


Irabarneko aize epailea
Mixel Etxekopar
2015 VIII




Aucun commentaire: