2015

HEBENTIK HARAT 2015

LEKEITION Maiatzaren 15 16an

Hebentik…. Harat. Lürralde batek balio omen dü hortik elkitzen den mogimentüari esker... Hala zeion filosofoak. Egia Euskal Herri barnetik ere balio düala : lürraldeak aipatzen dira, zazpiak ere, Xiberoa, Bizkaia, aho beteka. Aipatzen, bai, bena bizitzen ? Ürratsaren egitea beste da. Kasü hontan Hebentik-ek aüzoaren atean joiten dü, haren etxen sartzeko, harekin solastatzeko, harekin ezagützearen egiteko, sinpleki, gurea eskeintüz, harekin jolastüz, gertakari bat sortüz edo hanko batetan sartüz.
Lehen ürratsa… Lekeition, Bizkaiko « check pointa », Gipuzkoarekin, bai eta lür eta itsaso artean, Lea erreka bürüan. Portua ühain basetarik begiratzeko Garraitz uhartea, herriari axolbe ezinago ejerra emanez, eta maiatzeko aste bürü hontan guri ere !
« Iparraldeko haizeak » Lekeition, 15. edizioa, izenak dion bezala « Iparralde » ez hain hurrun bena zoin arrotz horren ezagutzeko ekitaldia, müsikaz, bertsoz, eta ardoz ere ! Neskenegün goizanko merkatüan ekoizle andana bat plazan, hebenko (iparraldeko) hontarzünak zabaltzen. Plaza hütsa tanpez betatzen da, haur, aita, ama, haurride, lagünez… Ahantze gabe Amama eta Attitta. « Attitta ttiki » : hau elkartea, hau denaren antolazalea, eta gurekin zubi egilea ere bedatse hontan…
Hiru egünez mintzaldi, bertsoaldi, merkataldi… eta gure aldi. Gonzalo Etxebarria. Gure Gonzalo. Bai gurea, eta haiena ere. Zeren harek Bizkaia eta Xiberoaren arteko zubia egiten dü, hogeita hamar urte hontan. Ez segür zubi zabal eta gaü osoan argitürik den haietakoa. Bena bai zübi sento bezain espantü gabea. Urtez zentzü bakarreko zubia egona, eta urtea hontan bi zentzütan, Gure artista, beste andana baten gisa, ützüli beitzen, egün argiz, ihes egin züen leküalat, erran nahi beita etxondoalat. Zubi margodüna ere, nola ez ! Gonzalo margoen eskü ixilaz, Lekeitioko bi argazki ederren gainean, eta Pantxix Bidart hots eta ahotsez, gitarraz ; bien artean ixtoria kontatzen, eta zer ixtoria, historia kasik, gure herriko historia hau ere ! Uztaroa beti horra da goiz ala berant, aldi hontan Lekeitioko kultur etxean - kanpoan ebi eta ezin - bena barnen baietz, pintzelik ez, esku hütsez margotüz. Gizon bat agertzen da, xütik, besoak zabalik Lekeitioko portü argitsüan. Eta argazkia, bere argi fosilizatütik igitzen, kantüz hasten da, kantü-oihü ixil eta ozena prefosta, Gonzaloren mintzoa !
Horren ondotik kantü, euskal kantü, Pantxix Bidart Lapurtarra, eta Mixel Xiberoko haize epailea, iparraldeko haizea hor ere, ez enbata, ez haize beltza, bai hegoa, hegoa xuri hura, euskal kantorea bortütik Hazparne eta Gotainera ekarten deiküna, gogo bazka goxoa…
Eta biharamenean merkatüa. Merkatüan zer nahi bazka : sabel bazka segür, bai eta gure haizeak ekarririk begi eta zanko bazka : Xabier Celestino Nafartar lagünarekin « Karrikarte », artea karrikan hots ! ebilaldi bat herrian, han hor krokis-marrazki egiten, arkatzez, akuarelaz. Haur andana bat, haien burrasoak, Lekeitiar lagunak ere jokü hortan sartzen. Ez da aisa esplikatzen den gaüza, bena bai soa zorrozten düana, « argazki » egitea nahi bada, bena tresnarik gabe, zure begi eta esküaren irazkia besterik ez !
Ber denboran dantza jauziak, plazan. Zer da sinpleagorik…. Üdüri ! Hogei bat lagünen biltzea jauzien emaiteko, ikasteko bardin, ez da « sinple lauetan »! Bena emeki, herabe, jentea biltzen da halere, üngürüan sartzeko, dantza piko.
Bi pintxo, bi trago, eta iparraldeko haizea iparrealat ützüli da. Bena. Bena, itsas behera delarik Garraitzeko uhartealat idorretik joan daitekean bezala, gük ere hura baliatü dügü zübixkot baten egiteko. Mauleko Matalaz karrikatik, Lekeitioko Azkue plazalat. Dolü gabe. Hebentik harat.
(Ipar) aize epailea, Mixel Etxekopar







Aucun commentaire: